Gizartea -

iragarpena

Abisu horia larunbatean Hego Euskal Herrian tenperatura altuengatik

Larunbatean eta igande goizean 30 graduren bueltan izango dira termometroak kostaldean. Araba eta Gipuzkoa barnealdean tenperaturak 34 gradu ingurura igoko dira baina, bereziki Nafarroako Erriberan, 40rainokoak izan daitezke.

Gazte batzuk Arga ibaian Iruñea parean. Artxiboko argazkia: EFE
Gazte batzuk Arga ibaian Iruñea parean
Gazte batzuk Arga ibaian Iruñea parean. Artxiboko argazkia: EFE

I.G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan aire bero masa handi batek termometroak igoaraziko ditu 30 graduraino kostaldean, 34raino EAEko barnealdean eta 38-40 graduren bueltan izateraino Nafarroako Erriberan. Sargori sentsazioa handia izango da, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira, eta kalima pixka bat ere espero da. Eguraldia oso antzekoa izango da bai larunbatean, baita igandean ere. Alabaina igande arratsaldean aldatzen hastea espero da.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatuko du larunbat eguerdietan tenperatura "oso altuengatik"; izan ere, maximoak 35 gradu ingurukoak izan daitezke Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, 34 gradukoak Araban eta 27 gradukoak kostaldean, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera.

Abisu horia 14:00etatik 19:00etara egongo da indarrean, bero gehien espero den eguraldiarekin bat eginez. Egunaren azken orduetan haizeak ipar-ekialdera egin lezake bat-batean, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin, eta ez da baztertzen zaparrada trumoitsuren bat botatzea.

Igandean tenperatura beroak mantenduko dira. Goizalde epel baten ondoren, zenbait puntutan 20 gradu inguruko minimoekin, maximoak 30 gradutik gorako balioetan mugituko dira berriro. Zerua berriro uherra egongo da kalimagatik eta erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin.

Hala ere, arratsaldetik aurrera itsasotik datozen haize freskoak sartzen hasiko dira. Gainera, baliteke zaparradak eta ekaitza izatea egunaren amaieran.

Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) bere webgunean jakinarazi duenez, abisu horia larunbat osoan egongo da indarrean Nafarroan.

Astelehenetik aurrera, 20 gradutik behera egotea espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bero-boladak