Gizartea -

Balantzea

Gora egin du Aste Santuan ibilgailuen kopuruak Euskadin, pandemia aurreko datuekin alderatuta

EAEko hiriburuetan izan da igoerarik handiena, 2019an baino % 7,5 gehiago izan baitira erregistratutako joan-etorriak. Alde negatiboa aurreko astean Ibarran eta Bilbon izan ziren istripuek ekarri zuten, bi pertsona hil baitziren.

Eusko Jaurlaritzaren trafikoa kudeatzeko zentroa. Argazkia: Irekia
Eusko Jaurlaritzaren trafikoa kudeatzeko zentroa
Eusko Jaurlaritzaren trafikoa kudeatzeko zentroa. Argazkia: Irekia

I.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuan euskal errepide sarean izan den ibilgailu kopuruak gora egin du nabarmen pandemia hasi aurretik erregistratutako datuekin alderatuta. Igoerarik handiena EAEko hiriburuetan izan da, 2019an baino % 7,5 gehiago izan baitira erregistratutako joan-etorriak.  

Alabaina, bi pertsona hil dira jaiegunetan. Apirilaren 14an, motor-gidari bat hil zen Bilbon, eta tartean ez zen beste ibilgailurik izan. Apirilaren 15ean, berriz, gurpildun aulkian zihoan gizon bat harrapatu zuen auto batek Ibarran (Gipuzkoa). Bi istripuak herri barruan gertatu zirenez, ez zituzten Aste Santuko operazio bereziarekin lotu. Gainera, aurreko asteburuan, lau pertsona hil ziren Baionan (Lapurdi) izandako auto istripu batean. 

Datuak argiak dira. Euskadira sartzeko 515.000 desplazamendu izan dira, eta beste hainbeste irteteko. 2019an, berriz, 509.000 izan ziren; beraz, pandemia aurretik baino % 1,2 gehiago izan dira. Biriatun, orain dela hiru urte baino joan-etorri gehiago izan dira; % 2 gehiago, hain zuzen. 

Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariaren esanetan, mugikortasunak pandemia aurreko mailak gainditu dituen arren, nabarmen egin du behera istripuen kopuruak. Aurten, apirilaren 13tik 18ra bitartean, guztira 55 istripu erregistratu dituzte (horietako 16 biktimadunak), bi pertsona hil eta 2 larri zauritu dira. Horrek esan nahi du istripuen tasak % 37 egin duela behera 2019ko datuekin alderatuta, urte horretan 87 istripu gertatu, eta bi pertsona hil eta 7 larri zauritu baitziren.

Trafiko-fluxurik handienak ohiko puntuetan erregistratu dira, eta dentsitateak 2019koen oso antzekoak izan dira. Araban, ostegunean eta ostiralean, 7 kilometrorainoko ilarak (2019koen antzera) sortu ziren Armiñongo lotunean. Itzuleran zertxobait aurrerago izan ziren gorabeherak, A-1eko 346 kilometro-puntuan, Gasteizen, Irunerako noranzkoan, 5 kilometrorainoko ilarak sortu baitziren istripu baten ondorioz.

Bizkaian, arazorik handienak apirilaren 14an, ostegunean, izan ziren A-8an, Muskiz eta Barakaldo artean eta Kantabriarako noranzkoan. Puntu horretan, 15 kilometrorainoko ilarak sortu ziren. Itzulera operazioan, astelehenean A-8an auto batek matxura izan zuen Muskizen, Irunerako noranzkoan, eta 4 kilometrorainoko ilarak sortu ziren, Kantabriako mugara artekoak.  

Gipuzkoan, azkenik, 9 kilometrorainoko ilarak sortu ziren aurreko asteazkenean eta ostegunean, irteera operazioaren eta Frantzia aldeko polizia-kontrolen ondorioz (2019an 8-10 kilometrokoak izan ziren). Bestalde, Pazko astelehena Frantzian ere jai izan denez, asteartean, apirilaren 19an, 17 kilometrorainoko kamioi-ilarak sortu ziren muga aldean. Pandemia aurretik ere, antzeko arazoak izaten ziren bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak Lapurdi Trafiko istripuen biktimak