Gizartea -
2.100 heriotzaren ondoren
MOEak azarorako espero du izatea ebolaren aurkako bi txerto
Sierra Leonak lau eguneko "itxiera" ezarriko du irailaren 18an hasita, gaixotasunaren hedatzea ekiditeko
Erredakzioa
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) iragarri duenez, azarorako espero du izatea ebolaren kontrako bi txertoren prototipoak, aurrena birusaz kutsatzeko arrisku gehien duten langileei emateko. Gaitzak 2.100 heriotza baino gehiago eragin ditu dagoeneko Afrika mendebaldean.
NBEren agentziaren esanetan, txertoa garatzeko, ebola gainditu dutenen odoletik abiatuko dira. Horrez gain, birusaren kontra egiteko terapiak sustatzeko deia egingo dute, The New York Times egunkariaren arabera.
Marie-Paule Kieny MOEko zuzendari albokoak azaldu du bi txerto horiei kalitate azterketak egiten ari zaizkiela, eta emaitzak azarorako izango dituztela. Ondoren, txertoa herrialde horietan lanean ari diren mediku eta erizainei ematen hasiko omen dira.
Kienyren hitzetan, horrelako txertoetan ez dela ohikoa protokolo hau ezartzea, baina sendagaia berehala behar dutelako erabaki dutela horretara jokatzea. "Egoerak ez du aurrekaririk, ez dago zalantzarik", esan du.
Bestalde, Sierra Leonak lau eguneko "itxiera" ezarri duko irailaren 18an hasita, gaixotasunaren zabaltzea ekidin nahian, herrialde horretako Presidentetziatik jakinarazi dutenez.