Gizartea -
Ebolaren kontrako botika
Zer da ZMapp?
Botika esperimental hau gizakiekin probatzen hasi dira ebolaren birusaren kontrako tratamendu bezala.
Erredakzioa
ZMapp-a hiru antigorputz monoklonal dituen serum esperimentala da, ebolaren birusari aurre egiteko eta horrek sortzen duen sukar hemorragikoa geldiarazteko sortua.
Sendagaia 2014ko uztailaren 31n probatu zuten lehenengo aldiz gizakietan. Hala, ez dituzte botika bat sortzeko bidean jarraitu ohi diren etapak eta entsegu klinikoak egin.
Mapp Biopharmaceutical Inc. enpresa estatubatuarrak garatu du medikamentua, LeafBiorekin (Mapp Biopharmaceutical enpresaren merkaturatzerako filiala), Defyrus Inc.-ekin (Toronto), AEBko Gobernuarekin eta Kanadako Osasun Agentzia Publikoarekin elkarlanean.
Txertoekin ez bezala, infekzioa galarazten dutena, ZMapp-a dagoeneko kutsatuta dauden pertsonei ematen zaie. Egun, ebolaren kontrako beste bi terapia eta hiru bakuna garatzen ari dira, gutxienez.
Sendagaiaren konposizioa
Transgenikoki produzitutako eta Nicotina benthamiana espezieko tabako landareetan kultibatutako hiru antigorputz monoklonalek osatzen dute ZMapp botika.
Horretarako, nahi diren antigorputzen geneak Nicotina benthamiana landarearen bi birusetan jarri behar dira, ondoren agrobacteriumarekin horren zelulak kutsatzeko. Hala, landareak antigorputzak sortzen ditu, ondoren erauzi eta purifikatuko direnak. Prozesu horrek bi aste inguru irauten ditu. Produkzio ziklo osoa egiteko, berriz, hainbat hilabete behar dira.