Ekonomia -
HONDAMENDIEN AURREAN NEURRIAK
Zer dira klima-arriskuagatiko baimenak?
Langileek ordaindutako lau eguneko baimena hartu ahal izango dute klimarekin loturiko muturreko gertakarien aurrean, GOIDIa kasu, eta egoerak hala eskatzen badu, baimen hori luzatu ahal izango dute.
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak gaur onartuko du Ministroen Kontseiluan klima-arriskuagatiko baimena, hau da, lau egunera arte lanera ez joateko baimena, soldatarik galdu gabe. Hondamendi naturalen gorakadaren aurrean, Valentzia astindu zuen goialdeko depresioa kasu, Yolanda Diazek zuzentzen duen Lan Ministerioak neurri berriak onartuko ditu. Helburua da gisa horretako larrialdi baten aurrean joan-etorriak sahiestu eta arriskuak ekiditea.
Hala, eta edozein erakundetako larrialdi agintariek joan-etorriak egiteko arriskua dagoela adieraziz gero, langileak baimen klimatiko horretaz baliatu ahal izango dira. Baimena gehienez lau egunekoa izango da, baina luzatzerik egongo da, egoerak hala eskatzen badu. Egun gehiago behar izatera, berriz, enpresek langileak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean sartu ahal izango dituzte langileak.
Lan Ministerioak ostegun honetan Ministroen Kontseilura eramango duen lan arloko eta arriskuen prebentzioko neurri-sortak, "geldialdi berdea" delako eskubidea ere jasotzen du. Horren arabera, langileen legezko ordezkariek edo, halakorik ezean, lan-arriskuen prebentzioko ordezkariek enpresa batean jarduera geldiaraztea erabaki ahal izango dute hondamendi eta fenomeno meteorologiko larri baten aurrean, arriskua amaitu bitartean.
Espainiako Gobernuak 12 hilabete eman ditu langileak lan-eremuan klima-aldaketaren ondorioetatik babesteari buruzko araudi bat (Errege Dekretua) onartzeko. Arautegi horren arabera, hitzarmen kolektibo guztietan sartu beharko dira hondamendi eta fenomeno meteorologiko larrien aurrean arriskuak prebenitzeko jarduera-protokoloak.
Horrela, muturreko eta berehalako arriskurik bada, enpresak lehenbailehen eman beharko die langileei arriskuei eta neurriei buruzko informazioa, eta jarduera eteteko jarraibideak ere bai.