Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hauteskunde sindikalak Osakidetzan, transferentzia berriak eta EITB Maratoia
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 28an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hauteskunde sindikalak Osakidetzan: 45.000 langile inguru botoa ematera deituta daude gaur, 2013tik — Gipuzkoan 2014tik —Osakidetzan egingo diren lehen hauteskunde sindikaletan. Langileek — azaroaren 28an Osakidetzarekin kontratua duen edonork — 355 ordezkari aukeratuko dituzte guztira, aurreko lehian baino 39 gehiago. Lehen hauteslekuak 07:00etan zabaldu dituzte eta emaitzak goizaldean ezagutuko dira. Sindikatuek behin behinekotasuna murriztean eta finantzazioa handitzean jarri dute, besteak beste, azpimarra.
- Transferentzia berriak: Imanol Pradales lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak beste bi eskumen Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) transferitzea adostu dute azken orduetan: itsasertzaren kudeaketa eta jarduera zinematografikoa. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak gaur sinatuko dute Renferen aldirietako tren zerbitzuaren transferentzia gauzatzeko akordioa.
- EITB Maratoiaren platoa Bilbon: 11:30etatik 13:30era EITB Maratoiaren seta jarriko da Bilboko Osasun Langileen plazan (Bilboko geltoki intermodalaren alboan), eta bertan herritarrek "Eskutitza" abestiaren euren bertsioa grabatzeko aukera izango dute.