Ekonomia -
Automobilgintza
Volkswagen Navarraren zuzendaritzak 2025erako 60 egun baino gehiagoko lan-erregulazioa planteatu du
Hurrengo urterako egutegiak hiru itxialdi luze izango ditu: urtarrilekoa, eta ekoizpena hilaren 23an abiatuko litzateke; udakoa, uztailaren 2tik abuztuaren 20ra artekoa; eta abendukoa, hilabete osoan produzitu barik egongo lirateke, ibilgailu elektrikora egokitzeko lanak direla eta.
EITB Media
Volkswagen Navarra lantegiaren zuzendaritzak 2025erako urteko 209 lan-eguneko egutegia eta 220.000-230.000 auto ekoiztea planteatu dio enpresa-batzordeari gaur.
Enpresa-batzordeak berak jakinarazi duenez, hurrengo urterako egutegiak hiru itxialdi luze izango ditu: urtarrilean, ekoizpena hilaren 23an hasiko litzateke; udan, uztailaren 2tik abuztuaren 20ra; eta abenduan, hilabete osoan ez litzateke produkziorik egongo. Lantegiak tarte horietan ekoizteari utziko dio ibilgailu elektrikora egokitzeko egingo diren lanak direla eta.
Guztira, 65,5 egun inguru aldi baterako lan erregulazioko espedientean (ABEEE).
Horrela, egun horietarako, zuzendaritzak ABEEE akordio bat adostea proposatu du, orain arte egin den bezala.
UGTk ohar batean adierazi duenez, "lanaldia eta oporrak finkoak dira guztientzat". Sindikatuak zuzendaritzari jakinarazi dio ABEEE akordioa erdiesteko egun horietan ordu-plusa ordain dezan eskatzeko asmoa duela, aurretik adostutakoaz gain; hau da, soldata osagarria eta antzinatasuna ordain ditzan.
Bestalde, UGTk helburuen eta errendimendu indibidualaren ordainsaria urtarrilera aurreratzea eskatu du bileran. "Helburuen ordainsaria aurreratuko dutela baieztatu digu zuzendaritzak. Orain nola egin aztertzen ari dira", azpimarratu du sindikatuak.