Ekonomia -

ETXEBITZA

Indarrean da Ipar Euskal Herria alokairuak mugatzeko neurria

Eremu tentsionatu izendatutako Lapurdiko 24 udalerritan ezarriko dute neurria. Hiru eremu zehaztu dituzte, eta horietako bakoitzean, batez besteko alokairu prezio zehatza ezarri dute.

Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra Baionan apirilean egindako manifestazioa
Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra Baionan apirilean egindako manifestazioa
Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra Baionan apirilean egindako manifestazioa

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herrian gaur sartu da indarrean alokairuak mugatzeko neurria, Lapurdiko tentsiopeko 24 udalerritan.

Alokairu berriei eta berritzeei eragingo die neurriak, eta webgune bat prestatu dute, herritarrei informazio guztia emateko. Oraingoz, bi urterako akordioa da. 

Hiru eremu zehaztu dituzte, eta metro karratuko batez besteko alokairu prezio zehatza ezarri dute guztietan. Lehenengo eremuan izango da garestien alokatzea: 12,5 euro metro karratuko, batez beste. Baiona, Angelu, Biarritz eta Donibane Lohizune daude aurreneko talde horretan.

Bigarren eremuan, berriz, Urruña eta Arbona daude. Horietan,  metro karratuko 11 euro pasatxoan ezarriko da alokairua. Eta hirugarren eremuan, kostalde aurrean, Biriatutik Urketara, ia 11 euroan.

Etxe-jabeek, gehienez, ezarritako bataz bestekoaren gainetik % 20 gehiago eskatu ahalko dute alokairuagatik. Era berean, gutxieneko prezio bat ere gomendatu dute, batez bestekoa baino % 30 txikiagoa.

Ezarritako kopuruak bete ezean, 5.000 eta 15.000 arteko isunak jaso ahalko dituzte etxe-jabeek zein higiezin agentziek.

Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Jean Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak duela hilabete sinatu zuten akordioa, eta egungo etxebizitza krisiari aurre egiteko, beharrezko neurria zela esan zuten biek. Etchegarayren hitzetan, metropoli batzuen prezioetara hurbiltzen ari dira alokairuak Ipar Euskal Herrian, eta horregatik da beharrezkoa neurria.

Charles prefetaren arabera, neurria indarrean den Frantziako hainbat hiritan —Parisen eta Bordelen, esaterako— eragina sumatzen hasiak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea argazkiak Baionako bideoak Biarritz Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Iparraldearen Orena