Ekonomia -

Europako funtsak

Lehendakariak eta Calviñok adostu dute Europako funtsekin finantzatu beharreko proiektuak Euskadin erabakitzea

Eusko Jaurlaritzak sei konpromiso lortu ditu Generation Nex Europako Funtsak kudeatzeko bigarren fasean; horien artean, Calviño ministroak Euskadik hidrogeno berdearen arloan duen potentzialaren aldeko apustua egin du.

Urkullu eta Calviño. EITB Media.
Urkullu eta Calviño. EITB Media.
Urkullu eta Calviño. EITB Media.

2:20

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu duela Espainiako Gobernuarekin, Euskadin Next Generation EU funtsen esparruan zer proiektu finantzatu erabakitzeko.

Urkullu eta Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroa elkarrekin agertu dira Lehendakaritzan, Generation Next Europako Funtsen kudeaketa-planaren bigarren faseari ekiteko bileraren ostean.

Ondoren, lehendakariak bileran adostutako konpromisoen sei atalak azaldu ditu. Lehenik eta behin, autonomia-erkidegoen jasangarritasun-funtsa aipatu du, 20.000 milioi eurokoa.

Ildo horretan, akordioak ezartzen du "finantzatu beharreko proiektuak erabakitzea Eusko Jaurlaritzari dagokiola, logikoa denez, Europak ezarritako esparruen baitan". "Horrela, eskualdeko PERTEn parte hartzeko eskaerari erantzuten da", gaineratu du.

Aurretik, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, ministroak esan du Eusko Jaurlaritzak baduela "zuzeneko kudeaketa" Europako funtsen lehen 850 milioi euroen gainean, eta "normaltasun osoz" kudeatzen ari dela gaineratu du. Hain zuzen ere, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako azken agerraldian (2022ko urria), 785 milioitan zenbatu zituen jasotako funtsak.

Akordioen artean, lehendakariak nabarmendu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak idatziz hartu duela konpromisoa garraioko eta energiako interkonexio transfonterizoen euskal proiektuekin, eta "Euskadik hidrogeno berdearen arloan duen potentzialaren aldeko apustua" egin duela.

"Euskadi da proiektu berritzaileetako bat kokatuko den eskualdeetako bat, eta, gainera, hemendik igaroko da hidrogeno berdearen enbor-sarearen lehen ardatzetako bat. Era berean, hidrogenoa Euskadin lurpean biltegiratzeko proposamen bat aztertuko da", azpimarratu du Iñigo Urkulluk.

Ibilgailu elektrikoaren eta konektatuaren PERTEen ordezkariek Euskadira egingo dituzten bisita instituzionalei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak informazio-saioak antolatuko ditu, arlo bakoitzean (industria-deskarbonizazioa, nekazaritzako elikagaiak eta mikroelektronika eta erdieroaleak) inplikatuta dauden sektoreek parte hartzeko.

Halaber, Urkulluk azaldu duenez, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik jasotako maileguak ez dira Autonomia Erkidegoen defizitean zenbatuko, "betiere finantza-eragiketen bidez mobilizatzen badira, baina Zorretan konputatuko dira, eta, beraz, Erkidego bakoitzak erabakiko du erabiltzea komeni den".

Adierazi duenez, bide hori hartu da Eusko Jaurlaritzak MRR bonua eskatzeko eskatzaileari eman beharreko erantzuna bideratzeko.

Sozietateen gaineko Zergaren hobarien funtsari eta gizarteratzeko erreforma-funtsari (BGG) dagokienez, erabaki da figura horiek bi gobernuetako lantalde teknikoek aztertuko dituztela, Euskadiko "Ekonomia Ituna betetzen dela bermatzeko".

Horretarako, Urkulluk azaldu duenez, lantalde tekniko espezifiko bat eratuko dute, eta zehaztu du, Euskadira transferitutako zenbatekoetan antzemandako disfuntzioei dagokienez, banda zabaleko programa birprogramatzea lortu dela industrialdeetan, eta gainerako disfuntzioak aldebiko harremanen bidez bideratuko direla.

Next funtsak

Dagoeneko, 1.620 milioi euro heldu dira Euskadira Europako funtsetatik. Horietatik Jaurlaritzak 850 milioi euro kudeatu ditu.

Funtsek bi motatako laguntzak dauzkate Espainian. Orain artekoa, guztira 77.800 milioi, laguntza zuzenak direnak eta agortzear daudenak. Eta bestetik, hemendik aurrera maileguak izango direnak: 84.000 milioi dira eta horietatik funts berezi bat ezarriko da autonomia erkidegoentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Europar Batasuna Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Dirulaguntzak