Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Jaurlaritza NEXT funtsen 850 milioi kudeatzen ari da, Calviñoren esanetan

Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroak azpimarratu duenez, bi gobernuen arteko kolaborazioa "oso ona" da, eta gaur lehendakariarekin duen bileran Europako funtsen bigarren zatia "nola kudeatu" behar den aztertuko dutela zehaztu du.

Calviño, elkarrizketaren une batean. EITB Media
Calviño, elkarrizketaren une batean.
Calviño, elkarrizketaren une batean. EITB Media

1:25

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak badu Europako NEXT funtsen "kudeaketa zuzena", eta ia 850 milioi euro kudeatzen ari da, "normaltasun osoz". Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak urrian emandako azken datuen arabera, 785 milioi euro ziren ordura arte jasotakoak. 

Lehendakariarekin bildu aurretik, elkarrizketa eskaini dio Calviñok Radio Euskadiko "Boulevard" saioari. Europako funtsen kudeaketan, bi gobernuen arteko lankidetza "oso ona" dela nabarmendu du ministroak, "kogobernantzan" ari direla, alegia, Jaurlaritza horren inguruan kexu agertu bada ere. 

Calviñoren hitzetan, Urkullurekin duen hitzorduak egitasmoaren bigarren fasea "nola kudeatu" adostea du helburu, hots, "Europako maileguak nola gauzatuko diren eta proiektu estrategikoak indartzeko transferentziak zehaztea". 

Espainiako lehen presidenteordeak adierazi du Europako funtsen kudeaketa "herrialde egitasmo bat" dela. "Kontua ez da dirua banatzea eta erkidego bakoitzak bere proiektuak garatzea. Kontua da Espainia osoa modernizazio eta transformazio prozesu batean buru-belarri sartzea", argitu du. Hartara, "inkoherentziak" saihestuko dira. 

Euriborraren igoerak milaka herritarren hipoteketan eragingo dituen ondorio ekonomikoez galdetuta, ministroak banketxeekin izenpetutako "praktika egokien kodea" babestu du. Horren aburuz, finantza erakundeei "laguntzea dagokie, ez bakarrik euren interesagatik, euren izen onagatik baizik". Dena dela, hipoteken prezioari muga jartzea "finantza segurtasuna arriskuan jartzea" dela ohartarazi du. 

Azkenik, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernuaz galdetuta, "balorazio oso positiboa" egin du Calviñok. Moreek egindako eskakizun eta proposamenak, "eraikitzaileak badira, ongietorriak eta aztertu beharrekoak" direla esan du, baina "tonua jaitsi eta sumindura saihesteko" deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Europar Batasuna Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Dirulaguntzak gaur