Ekonomia -

'Acoustic' proiektua

Michelinek 4 milioi inbertituko ditu Gasteizko lantegian pneumatiko isilagoak ekoizteko

Teknologiak ibilgailu barruko zarata-maila % 20 inguru murrizten du, eta hori bereziki garrantzitsua da ibilgailu elektrikoetan. 2024ko hasieran helduko diote ekoizpenari, eta 12 lanpostu berri sortuko dira.

Michelinen Gasteizko lantegia.
Michelinen Gasteizko lantegia.
Michelinen Gasteizko lantegia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michelinen Gasteizko lantegiak handitu eta makina berriak jarriko ditu, pneumatiko isilagoak fabrikatzeko. Horretarako, 4 milioi euro inbertituko ditu.

Arabako hiriburuko lantegiaren zuzendaritzak jakitera eman duenez, pneumatiko hori fabrikatuko dute, barruan poliuretanozko apar espezifiko bat duena, zarata murrizten duena, eta horrek ibilgailuaren konfort akustikoa areagotzen du.

Teknologia horrek ibilgailu barruko zarata-maila % 20 inguru murriztea ahalbidetzen du, eta hori bereziki garrantzitsua da ibilgailu elektrikoetan, horietan zarata iturri nagusia pneumatikoen errodaduratik baitator, eta ez motorretik.

Gaur egun, Gasteizko eta Valladolideko fabriketan egiten diren pneumatikoak, teknologia hori behar dutenak, Europako beste lantegi batzuetara eramaten dira, poliuretano-aparra eransteko.

Multinazionalaren arabera, Arabako instalazio berriarekin, urtean 800.000 pneumatiko inguru Europako lantegi horietara bidaltzea saihestuko da, eta, ondorioz, garraioak sortutako CO2 isuriak murriztuko dira.

Proiektua aurten garatuko da, eta 2024ko hasieran hasiko dira pneumatikoak fabrikatzen. Horrez gain, 12 lanpostu berri sortuko dira Arabako hiriburuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Albisteak multinazionalak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Enpresaburuak Industria sektorea gaur