Ekonomia -

Finantza Sektorearen Topaketa

Bankuetako zuzendariek esan dute zerga berria errekurrituko dutela "ordaindu eta hurrengo egunean"

BBVAk esan du tasa kaltegarria izango dela Espainiako hazkunde ekonomikorako. Santanderrek ohartarazi du zerga ez dela "inflazioari aurre egiteko modurik onena". Sabadellek Espainiako Gobernuari leporatu dio zerga "presaka" ezartzea.

Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuko gobernadorea, topaketan. Argazkia: EFE
Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuko gobernadorea, topaketan. Argazkia: EFE
Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuko gobernadorea, topaketan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako finantza-erakunde nagusiek argi eta garbi utzi dute gaur sektorearen diru sarrerak aldi baterako zergapetuko dituen tasa berriaren aurka daudela, Diputatuen Kongresuko tramitea amaitu gabe dagoela, eta aurreratu dute helegitea aurkezteko prest egongo liratekeela, beharrezkotzat joz gero.

KPMGk eta Expansionek Madrilen antolatutako Finantza Sektorearen XIII. Topaketan parte hartu duten banku zuzendari guztien artean argien hitz egin duena, ohi bezala, Maria Dolores Dancausa Bankinterreko kontseilari delegatua izan da. Iragarri duenez, "ordaindu eta hurrengo egunean" jarriko dute helegitea.

Ildo beretik, Onur Genç BBVAko kontseilari delegatuak esan du tasa kaltegarria izango dela Espainiako hazkunde ekonomikorako, eta Espainiako Gobernuari leporatu dio, esplizituki aipatu gabe, bankuen jarduera murriztu nahi izatea, sektore jakin bati tasa berriak jartzen zaizkionean horixe lortu nahi baita.

Bestalde, Antonio Simoes Santander Espainiako kontseilari delegatuak adierazi du tasa ez dela "inflazioari aurre egiteko modurik onena" eta "txarra" izango dela "Espainiako ekonomiarentzat".

Gonzalo Gortazar CaixaBankeko kontseilari delegatuak ziurtatu duenez, erakundeak zehatz-mehatz aztertuko du zerga berriaren azken testua, zuzenbidearekin bat datorrela egiaztatzeko, errekurtsoa jarri ala ez erabaki aurretik, kudeatzaile gisa duen betebeharra, alegia.

Era berean, oso kritikoa izan da Cesar Gonzalez-Bueno Sabadelleko kontseilari delegatua; izan ere, tasa "presaka" ezarri nahi izatea leporatu dio Espainiako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA Espainiako Gobernua Espainia Banco Santander Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika