Ekonomia -

LAN GATAZKA

ELA sindikatua Bizkaiko metalgintzako gehiengo sindikalak deitutako grebara batu da

Azaroaren 28tik abenduaren 2ra deitu zuten greba CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek. ELAk gaur egindako batzarrean erabaki du lanuzteekin bat egitea, eta hitzarmenaren inguruan akordiorik lortu ezean, ez dute baztertzen greba mugagabea deitzea.

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
Argazkia: ELA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko metalgintzan azaroaren 28tik abenduaren 2ra deituta dagoen grebara batzea erabaki du gaur ELA sindikatuak. Sektore horretako gehiengo sindikalak —CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek— joan den astean iragarri zuten greba deialdia egitea, eta ELAk gaur egindako batzarrean erabaki du bat egitea.

Zentral horrek ohar batean zabaldu duenez, hitzarmenaren "negoziazioaren edukietan" zein "sinadura konpromisoetan" ekintza batasuna lortzeko "borondatea" berretsi dute militanteek bileran, eta hori helaraziko die gainerako sindikatuei.

ELAren hitzetan, "berriro egiaztatu da patronalak hitzarmenak eskaintzen dizkion pribilegioei atxikita jarraitzen duela". "Hitzarmen horrek ez du zerikusirik azken urteotan sektoreko enpresa gehienek pilatutako oparotasun ekonomikoarekin, eta patronalaren neurrira egina dago. FVEMk sektorean lan egiten dutenak pobretu nahi ditu, KPIaren soldata igoera ukatuz", salatu du.

ELAk negoziazio "gardenaren aldeko konpromisoa" berretsi du, eta deitutako bost greba egun horien ondorioz "akordiorik lortzen ez bada", greba mugagabea deitzeko aukera jarri du mahai gainean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak azken ordukoa Metalgintza