Ekonomia -

Lan gatazka

Pertsona bat atxilotu dute Zamudion, Bizkaiko metalgintzaren grebaren harira

Horrez gain, lau pertsona identifikatu dituzte agenteek, horietako bat, ikertu gisa. Sindikatuek Ertzaintzaren "jarrera oldarkorra" salatu dute.

Gehiengo sindikalak deitutako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: @CCOOIndustria
Gehiengo sindikalak deitutako manifestazioa, Bilbon
Gehiengo sindikalak deitutako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: @CCOOIndustria

0:37

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du gaur Zamudion (Bizkaia), Bizkaiko metalgintzaren grebaren harira egindako mobilizazioetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Agenteen aurkako ustezko atentatu delitua egotzi diote, objektu bat Ertzaintzako kideen aurka jaurtitzeagatik.

06:25ean egin dute atxiloketa parke teknologikoan. Pikete informatiboan parte hartzen ari zen pertsona bat da, hain zuzen ere, atxilo hartutakoa. Ehun bat lagun elkartu dira, eta sarbidea moztu dute. Poliziaren kontakizunaren arabera, agenteek erretiratzeko eskatu arren ez diete jaramonik egin, eta une jakin batean, 50 urteko gizon batek objektu bat jaurti du. Hori dela eta, agenteen aurkako ustezko atentatu delitua leporatu diote. Atxilotua 10:00ak aldera aske utzi dute, beharrezko izapideak egin ondoren.

Atxiloketaz gain, agenteek lau pertsona identifikatu dituzte, bat, ikertu gisa, agenteen aurkako desobedientzia larria egotzita.

Sindikatuen eta patronalaren balorazioa

Gehiengo sindikalak (CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT) argitaratutako oharraren arabera, grebaren jarraipena % 85ekoa izaten ari da. Halaber, CCOOk, LABek eta UGTk salatu dute "Ertzaintzak azken hiru greba egunetan izandako jarrera, baina, bereziki, gaur goizean, Bizkaiko metalgintzako grebalariek poliziaren erasoak, atxikipenak, identifikazioak eta atxiloketa indiskriminatuak jasan behar izan ditugunean, hainbat pertsona zauritu baitira". Sindikatuen iritziz, Ertzaintzak izandako jarrerak "sektoreko 50.000 langileen aurkako gerra deklarazioa" suposatzen du.

Bestalde, FVEM patronalari eta "gatazka honetan bazkide duen Eusko Jaurlaritzari" ohartarazi diote borrokan jarraituko dutela "pertsonen erosteko ahalmena bermatuko duen eta sektoreko langile guztientzat eskubideetan aurrera egingo duen hitzarmen bat lortu arte". Sindikatuen hitzetan, "FVEMen esku dago gatazka beharrik gabe luzatzen jarraitzea, eta Eusko Jaurlaritzaren eta bere errepresio aparatuaren esku dago demokraziaren eta herriaren irudia zikintzea".

ELAk, bere aldetik, hiru greba deialdi horien "arrakasta" nabarmendu du, eta mobilizazioetan "jauzi kualitatiboa" ematea defendatu du, greba mugagabearen aukera baztertu gabe, FVEMek ez badu "benetako edukirik" jartzen hitzarmena negoziatzeko mahaian.

Mikel Etxebarria ELAko ordezkariak berretsi du "pilota patronalaren teilatuan" dagoela, eta ekintza sindikalaren batasuna berreskuratzeko aukeraz galdetuta, azpimarratu du denek egin dutela grebaren aldeko apustua, baina ikusi beharko dela "edukietan akordioak lortzeko sakondu daitekeen".

Bizkaiko metalgintzako patronalaren (FVEM) esanetan, hirugarren greba egunaren jarraipena % 26koa izan da. Eguna "normaltasunez" igaro da, Txorierriko eta Durangaldeko toki batzuetan piketeekin eta kaputxadun pertsonekin izandako istilu batzuk gorabehera.

Ildo horretan adierazi duenez, "enpresen eta langileen aurkako eraso oro erabat gaitzesgarria da, eta ez dago justifikatuta". Greba eskubidea "askatasunez eta hertsatu gabe gauzatu beharrekoa da, eta hori argi eduki beharko lukete sindikatu deitzaileek, adierazi du FVEMek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? ELA albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak gaur Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Albisteak Sindikatuen albistea CCOO UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak azken ordukoa ESK Metalgintza albisteak