Ekonomia -

LAN GATAZKA

Bizkaiko metalgintza grebaren jarraipena % 85ekoa izan da sindikatuen arabera, eta % 19koa, patronalaren ustez

Manifestazioak egin dituzte Barakaldon eta Basaurin; batetik, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, eta bestetik, ELAk. Zubia igarota, asteazkenean, hilaren 2an, hirugarren greba eguna egingo dute.

Manifestazioa Barakaldon. Argazkia: @LABsindikatua.
Manifestazioa Barakaldon. Argazkia: @LABsindikatua
Manifestazioa Barakaldon. Argazkia: @LABsindikatua.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko metalgintzan deitutako hiru greba egunetatik bigarrena izan dute gaur. Sindikatuek esan dute jarraipen zabala izan duela, % 85ekoa; FVEM patronalak, berriz, zifra hori % 19ra jaitsi du.

Hitzarmenaren negoziazio mahaian hamabost bilera egin ondoren, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek hiru eguneko lanuzteak deitu dituzte (uda aurretik beste bi egin zituzten) atzo, gaur eta azaroaren 2an, baina ELAk deialdi propioa egin du. Hala, Ezkerraldean egin dute manifestazioa, eta ELAk Basaurin.

Sindikatuek ohar banatan adierazi dute grebak jarraipen zabala izan duela, manifestazioek bezala, eta ekoizpena gelditzea lortu dela sektoreko enpresa handietan, hala nola CIE Automotive, Arteche, Eleconor, Zamakona, Petronor, Tecuni, Teknia edo Bombardier enpresen kontratetan. Gehiengo sindikalak % 85eko babesa eman duela esan dute.

Aldiz, Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioak (FVEM) ohar baten bidez adierazi du, guztira 6.500 langile dituzten 172 enpresaren datuekin, grebak % 19ko jarraipena izan duela.

Patronalak esan du lanuztea "normaltasunez eta gorabehera aipagarririk gabe" gauzatu dela.

Sindikatuen gehiengoak, berriz, kritikatu du patronalak "irabaziak sektoreko 52.000 langileen eskubideen aurretik" jartzen jarraitzen duela, eta ez dutela "zerua" eskatzen, baizik eta hitzarmena "duintzea" soldatei, behin-behinekotasunari, lanaldiari eta genero-berdintasunari dagokienez.

Zubia igarota, asteazkenean, hilak 2, hirugarren greba eguna egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak gaur Lana albisteak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Albisteak Sindikatuak Espainian Langile Komisioak azken ordukoa UGT Lan gatazkak Industria gaur ESK sindikatua gaur Metalgintza