Ekonomia -

EPA inkesta

Langabezia % 3,29 jaitsi da EAEn, eta % 2,95 igo Nafarroan hirugarren hiruhilekoan

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA, gazteleraz) arabera, tasa % 8,29koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 8,99koa, Foru Erkidegoan.

Eraikuntzako hainbat langile. Artxiboko argazkia: EFE
Eraikuntzako hainbat langile.
Eraikuntzako hainbat langile. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeziak portaera ezberdina izan du hirugarren hiruhilekoan Hego Euskal Herrian: Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) % 3,29 egin du behera, eta Nafarroan, aldiz, % 2,95 gora, betiere aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. 

Espainiako Estatistika Institutuak Biztanleria Aktiboaren Inkesta (EPA, gazteleraz) kaleratu du gaur. Horren arabera, langabezia tasa % 8,29 da Euskadin, eta zazpi hamarren gorago dago, % 8,99, Foru Erkidegoan.

Datuon arabera, guztira 115.600 pertsona daude lan gabe Hego Euskal Herrian, 28.900 Nafarroan, eta 86.700, EAEn. 

Uztaila eta iraila bitartean, 24.900 enplegu berri sortu zituzten EAEn, aurreko hiruhilekoan baino % 2,66 gehiago. Hortaz, 959.700 pertsona daude okupatuta, aurreko epean baino 21.500 gehiago (% 2,29). Nafarroan, 292.600 landun zeuden irailean, aurreko hiruhilekoan baino 100 gehiago (% 0,04 egin zuen gora okupazio tasak).

Lurraldeka, Gipuzkoa da langabezia tasa baxuena duena (% 7,07), ondoren ageri dira Araba (% 7,52) eta Nafarroa (% 8,99). Bizkaia da langabezia tasa altuena duena: % 9,51.

Espainiako Estatuan 60.800 pertsona geratu dira lan barik hirugarren hiruhileko horretan, eta guztira, ia hiru milioi langabe dago (2.980.200 pertsona). Okupazioak, bestalde,  gora egin du: 77.700 pertsona gehiago daude: denera, 20.545.700.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak