Ekonomia -

2023ko EAEko aurrekontuak

Horrela banatuko dira kontuak, sailez sail

Osasuna eta Hezkuntza dira diru gehien pilatuko dituzten sailak, kopuru osoaren (14.250 milioi) ia erdia baino gehiagorekin.

2023ko aurrekontuak, sailez sail. Grafikoa: EITB Media
2023ko aurrekontuak, sailez sail.
2023ko aurrekontuak, sailez sail. Grafikoa: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du EAEko Aurrekontu Orokorren proiektua. Kontuen kopuru osoaren —14.250 milioi euro— % 76 gizarte politiketara bideratuko du Jaurlaritzak, eta Osasun eta Hezkuntza sailek izango dituzte partida puztuenak. Hain justu, horiek biak dira, 2022ko proiektuarekin alderatuta, gehien hazi direnak. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila da gehien igo den hirugarren saila, batez ere, Europatik datozen funtsen bultzadari esker.

Horrela banatuko da aurrekontua, sailez sail:

Osasun Saila. Aurrekontua: 4.638,9 milioi. Guztizkoaren heren bat bereganatuko du, iaz baino 259,9 milioi  gehiago. Osakidetzak 3.565 milioi izango ditu erabilgarri (+202 milioi). 68,2 milioi euro bideratuko dituzte osasun-ikerketara, Osakidetzako ikertzaileentzat eta eraldaketa digitalerako. Farmazia gastua ere igo egingo da, 559 milioiraino.

Hezkuntza. Aurrekontua: 3.477,7 milioi. 2022an baino 242,7 milioi gehiago izango ditu, eta aurtengo kontuen laurdena izango du. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zenbatekoa kopuru osoaren % 70 da. Unibertsitate irakaskuntzak 374,9 milioi euro izango ditu eskuragarri, eta horietatik  362,9 milioi EHUri dagozkio (ia 23 milioi hazi da aurrekontua). Halaber, 206,1 milioi euro bideratuko dituzte ikerketa eta ikertzaileak bultzatzera, baita material aurreratuak garatzera ere.

Lana eta Enplegua. Aurrekontua: 1.107,8 milioi, iaz baino 171,6 milioi gehiago. Gizarte Inklusioak hartuko du partidaren erdia, hots, 663,8 milioi euro (229,7 milioi gehiago), eta horrela banatuko da: Diru Sarrerak Bermatzeko Errentara, 312 milioi; hor barnean daude Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera —lehen aldiz jaso da, eskualdaketaren ostean—, 173 milioi eurorekin, eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (hileko 300 eurokoa), 80 milioi eurorekin. Lanbideri 1.091,9 milioi euroko partida dagokio.

Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena. Aurrekontua: 849,8 milioi, iaz baino 72,4 milioi gehiago. Aurrekontuaren heren bat, 306,6 milioi, Ikerketa eta Garapenera bideratuko dute, hala nola, teknologiara, energia berriztagarrira eta hidrogenora. Sail horren barruan, igoerarik handiena Industria Garapenari dagokio, eta 137 milioi euro gordeko dituzte horretarako. Spri Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 129 milioi euroko partida izango du.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak. Aurrekontua: 754,4 milioi. Laurden bat igo da, 189,9 milioi gehiago, Europako funtsen ondorioz. Etxebizitza zuzendaritzak 184 milioi izango ditu, eta Gaztelagun gazteen artean alokairua sustatzeko laguntzek 16 milioi hartuko dituzte. Euskal Y-rako eta Hegoaldeko Saihesbiderako aurrekontua 135 milioi eurokoa da.

Segurtasuna. Aurrekontua: 746,3 milioi. Sail horrek ere gora egingo du (+21,2 milioi) iazkoarekin alderatuta. Ertzaintzak jasoko du diru gehien, 709,2 milioi euroko partida.

Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak. Aurrekontua: 637,8 milioi, 2022an baino 114,7 milioi gehiago. Familia eta Komunitate Politikak xurgatuko du diru gehien: 152 milioi (0-3 urteko seme-alaba bakoitzeko, hileko 200 euroko laguntzak barne hartuta). Gizarte Zerbitzuen aurrekontua 85,1 milioi eurokoa izango da, eta Espetxeetarako 70,9 milioi gordeko dira. Aipatzekoa Immigrazioak izango duen partida, iazko halako bi (16,1 milioi). Emakundek 7,8 milioi euroko aurrekontua izango du, 2022an baino 400.000 euro gehiago.

Kultura eta Hizkuntza Politika. Aurrekontua: 353,2 milioi (+30,8). Horietatik 182,9 milioi EITBri dagozkio, hots, 21 milioi euro gehiago. Diru horrekin Miramongo egoitzako lanei, digitalizazioari eta eduki-estrategia berriei aurre egin ahalko dio Euskal Irrati Telebistak. HABEk 49 milioi izango ditu, eta Kulturaren Sustapenak, 36,6 milioi.

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua. Aurrekontua: 171,9 milioi, iaz baino 32,8 milioi gehiago. Digitalizazioa bultzatzeko, 55,6 milioi euro bideratuko dituzte Informatika eta Telekomunikazioetara. IVAPek 21 milioi euroko aurrekontuarekin jarraituko du.

Ekonomia eta Ogasuna. Aurrekontua: 138 milioi, ia 10 milioiko hazkundearekin. ELKARGI SGRrekin ETEak finantzatzeko programaren interesen dirulaguntza handitu egingo dute, 16 milioira helduta. Eustatek, bestalde, 16,1 milioi euroko aurrekontua izango du.

Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa. Aurrekontua: 63,9 milioi (+11,8 milioi). Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak 22 milioi euro izango ditu; Merkataritzak, 21,5 milioi, eta Kontsumok, 6,5.

Lehendakaritza. Aurrekontua: 49 milioi, iaz baino ia bi milioi gehiago. Partida handienak Kanpo Harremanak (11,9 milioi) eta Gazteria (10,9 milioi) zuzendaritzei dagozkie. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren programak 4,9 milioi izango ditu eskuragarri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Abiadura Handiko Trena EAEko Aurrekontuak Etxebizitza