Ekonomia -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Bizkaiko metaleko patronala erakusten ari den jarrerak ezinezko egiten du akordioak lortzea, Aranbururen ustez

LAB sindikatuko koordinatzaile nagusiaren iritziz, egoerak eskatzen du politika publikoen norabidea aldatzea, eta zerga politikaren eztabaidari heltzea.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia Euskadi Irratian
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia Euskadi Irratian
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia Euskadi Irratian

play icon 22:00

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, eta beste gai askoren artean zabalik dauden negoziazio eta lan gatazkak hizpide izan ditu. Bizkaiko metalgintza sektorean, greba egunak deitu dituzte hurrengo bi asteetan. Garbiñe Aranbururen iritziz, patronalaren esku dago lanuzte horiek ez egitea, baina gaur-gaurkoz patronala erakusten ari den jarrerak ezinezko egiten du akordioak lortzea. Soldata igoera omen da blokeoaren arrazoietako bat, baina ez bakarra, eta malgutasuna eta baja osagarriak ere aipatu ditu. "Akordio duin bat borrokatu egin behar da, eta horretan gaude", azaldu du.

Arabako metalgintzan lorturiko akordioak interpretazio ezberdinak izan ditu. LABen arabera, Arabako metalarena borroka historikoa izan da, emaitza historikoa utzi du, eta langileen erosahalmena bermatu da. ELAren aburuz, ordea, Arabako metalgintzako langile gehienei ez zaie soldata igoerarik ezarriko. Testuinguru horretan, gezurretan aritzea egotzi dio Garbiñe Aranburuk ELAri: "Gezurretara jo behar izan du bere jarrera justifikatzeko". Langileen artean errealitate oso ezberdinak daudela onartu arren, horientzat guztientzat sektore hitzarmen bat egotea aurrerapauso bat dela azpimarratu du "soldataz gain beste hainbat kontu ere arautzen dituelako".

Bateko eta besteko gobernuak aurrekontu proiektuak aurkezten ari diren honetan, politika publikoen norabide aldaketa bat aldarrikatu du Garbiñe Aranburuk. "Egoerak eskatzen du politika publikoen norabide aldaketa bat, aldaketa estruktural bat, eta gaur-gaurkoz, partzialki hartzen ari diren neurriekin hori faltan somatzen dugu". Halaber, zerga erreformaren eztabaida irekitzea eskatzen du, besteak beste, diru sarrerak handitu ahal izateko.

Nafarroako Gobernuak datorren urterako aurrekontu proiektua onartu eta biharamunean, Garbiñe Aranburuk uste du motz geratzen dela 32.000 eurotik beherako diru sarrerak dituztenentzat erabakitako jaitsiera. "Ez dago progresibitaterik zerga politikan, eta ordaintzen diren 100 eurotatik 75 langile errentek ordaintzen dute; hor jarri behar da arreta. Erreforma bat beharrezkoa da, eta hori egiten ez den bitartean, horrelako neurriak norabide onean joan arren, motz gelditzen diren neurriak izango dira", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Araba LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia Euskal sindikatuak Metalgintza albisteak Nafarroako Gobernua albisteak