Ekonomia -

Irregulartasunak LEP-an

Arabako Auzitegiak ere Osakidetzako LEParen auzian Darpon ez inputatzea babestu du

Auzia ikertu zuen epaitegiaren erabakiaren kontra egin zuen LAB sindikatuak, eta berak eman du albistearen berri. Salatu duenez, "ezingo da epaitu filtrazioen sare osoa asmatu, planifikatu, antolatu eta gauzatzeko ardura duen muin operatiboa".

Osakidetzaren LEPko proba bat. EITB Media
Osakidetzaren LEPko proba bat.
Osakidetzaren LEPko proba bat. EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Lurralde Auzitegiak berretsi egin du Jon Darpon Osasun sailburu ohia eta Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari izandakoa Osakidetzako 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoan (LEP) izandako irregulartasunen auzian ez inputatzearen erabakia.

Iazko irailean erabaki hori bera hartu zuen auzia ikertu zuen Gasteizko 2. zenbakiko Instrukzio epaitegiak, LAB sindikatuak egindako eskaerari ezezkoa emanda. Sindikatuak bi goi kargudunak eta Osakidetzako eta IVAPeko beste zenbait kargudun zilegi ez den elkarteko kideak izateagatik auzipetzea galdegin zuen. Halaber, beste hainbat deliturengatik inputatzea ere eskatu zuen, hala nola, sekretuak agerrarazteagatik, kontratazio iruzurra egiteagatik eta prebarikazioagatik.

Eskaera guztiak atzera bota zituen epaileak, eta LABek ebazpenaren kontra egin zuen Arabako Auzitegian. Gaur emandako epaia deitoratu du sindikatuak, ohar bidez. "Ezingo da epaitu Osakidetzako fakultatiboen Lan Eskaintza Publikoaren filtrazioen sare osoa asmatu, planifikatu, antolatu eta gauzatzeko ardura duen muin operatiboa", kritikatu du.

LABen irudiko, "erabaki horrek zigorgabetasunaren atea zabalik utzi du Osakidetzako lehengo zuzendaritzarentzat. Paradoxikoa da, 20 bat pertsona ikertu diren arren, filtrazioz beteta egon den LEP baten diseinuan erantzukizuna izan duen pertsona bakar batek ere inputatu gisa deklaratu ez izana".

Sindikatuak aitortu duenez, ebazpenak "gaiaren muineraino joateko aukerak zapuzten" ditu, baina azpimarratu du hurrengo lan eskaintzetarako "agertokia nabarmen aldatu" dela, eta hori LABek egindako "ekintza sindikal eta judizialari" esker dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Araba Eusko Jaurlaritza LAB Epaiketak Salaketak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Sindikatuak