Ekonomia -

Bizkaiko metroa

Metro Bilbaoko zuzendaritzaren eta gehiengo sindikalaren arteko aurreakordioak amaiera emango die lanuzteei

LAB, ESK, CCOO, SEMAF eta EGIE sindikatuek ituna babestu dute. Bestalde, ELA, CIM eta UGTk akordioa errefusatu eta aurreakordioaren aurkako jarrera defendatuko dute langileen asanbladetan.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB (2 ordezkari), ESK (1), CCOO (4), SEMAF (2) eta EGIE (2) sindikatuek eta Metro Bilbaoko zuzendaritzak aurreakordioa itxi dute hitzarmen kolektiboa hiru urtez berritzeko (2022, 2023 eta 2024), CIM kolektibo independenteak Twitter sare sozialean aurreratu duenez.

Metro Bilbao ohar batean jakinarazi duenez, zuzendaritzak proposamena goizean bertan aurkeztu du negoziazio mahaian, eta gehiengo sindikalak oniritzia eman dio; honenbestez, "adostea" eta aurreakordio bat ixtea posible izan da.

Bestalde, ELA, CIM eta UGTk akordioa errefusatu eta aurreakordioaren aurkako jarrera defendatuko dute langileen asanbladetan. Hala ere, lanuzte deialdiak bertan behera uzteko konpromisoa agertu dute.

ELAk ohar batean kritikatu duenez, akordioak Metroko beharginak "pobretuko ditu datozen bi urteetan, 2025aren hasierara arte; izan ere, KPI % 10,8an dagoela, sinatzaileak administrazio publikoaren igoerara mugatu dira, eta dagoeneko ikusten ari gara KPIren erritmora igoko ez dela".

Era berean, akordioaren sinadurak gehiengoa "ozta-ozta erdietsi du, eta adostasunik merkeena bilatu dute bakarrik, ondorioak kontuan izan gabe", aurpegiratu duenez.

Sindikatu abertzalearen ahotan, sinatzaile batzuen interes partikularrei lehentasuna eman diete, "guztien ongia eta etekina bilatu beharrean".

Azkenik, ELA, CIM eta UGTk lanuzteetan parte hartu duten langileei eskerrak eman dizkiete, "borrokak beti pena merezi duela demostratuz".

SEMAFek agiri batean jakitera eman duenez, tren-gidarientzako 130 euroko sari bat aurreikusten du akordioak. Gainera, txanden atsedenaldi portzentajea hobetu eta tren-gidarien trebakuntza hobetzeko batzorde bat sortzea jasotzen du.

Bestalde, tren-gidarien kopurua areagotzea adostu dute, egiturazko lau lanpostu berrirekin.

ELA, CIM eta UGTk lanuzte partzialak deitu dituzte astearte honetarako 13:45etik 16:45era. Enpresa-batzordeak eta zuzendaritzak egin beharreko batzarrarekin bat egin du deialdiak.

ELAk, CIMek eta UGTk zuzendaritzaren "joko bikoitza" salatu dute, hitzarmena berritzeko proposamen berria mobilizazioak babesten ez dituzten ordezkariei bakarrik filtratu dielako.

Zuzendaritzaren "joko bikoitza" deitoratu dute sindikatuetako iturriek. Iragan ostegunean, azken orduan, ostiraleko bilera bertan behera utzi zuen zuzendaritzak, astearte honetarako deituz, erantsi dutenez.

"Zakarkeria etengabearen" aurrean, ELA, CIM eta UGT sindikatuek lanuzteak deitu zituzten puntako orduetan, 21:00etatik 00:00etara, Aste Nagusiko egun guztietarako, abuztuaren 20tik 27ra.

Azken lanuzteak uztailaren 28an egin zituzten. Grebak % 25,63ko jarraipena izan zuen, enpresaren arabera. Eusko Jaurlaritzako % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia LAB Grebak Metro Bilbao Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO Lan gatazkak ESK