Ekonomia -

Alokairuen prezioa

EAEko alokairu berrietako batez besteko prezioa 711 eurokoa da

Metro koadroko batez besteko prezioa etxebizitzetako alokairuen kontratu berrietan 9,5 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzak web-orri bat sortu du, hiritarrek Euskadiko alokairuen benetako prezioak jakin ditzaten.

Batez besteko alokairua, EAEn 711 eurokoa da. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.
Batez besteko alokairua, EAEn 711 eurokoa da.
Batez besteko alokairua, EAEn 711 eurokoa da. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.

01:14

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan sinatutako alokairu berrietako kontratuen hileko prezioa 711 eurokoa da batezbeste, eta metro koadroko batez besteko prezioa etxebizitzetako alokairuen kontratu berrietan, aldiz, 9,5 eurokoa da. Alokairu Merkatuaren Estatistikaren (AME) azken eguneraketaren datuen arabera. AMEk 2021eko bigarren hiruhilekoko datuak erabiltzen ditu. Informazioa Eusko Jaurlaritzak sortutako web-orri batean ageri da; web-orriaren helburua da hiritarrek Euskadiko alokairuen benetako prezioak jakin ditzaten. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak aurkeztu du.

Horrela, tresna berri horren bidez, herritarrek alokairuaren merkatu librearen gaineko xehetasunak ikusi ahalko dituzte, auzoaren (10.000 biztanletik gorako herrietan), herriaren, eremu funtzionalaren edo lurralde historikoaren arabera, geolokalizatutako datu objektiboekin. Web-orrian agertzen denez, alokairuek % 1,4 egin dute gora, eta metro koadroak % 1,6, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta.

Sailburuak azpimarratu duenez, "etxebizitzaren gaiak herritar asko arduratzen eta kezkatzen ditu, eta baliagarria eta komenigarria da zalantzak argituko dituen eta espekulazioei aurre egingo dien egiazko informazioa izatea oinarri sendoko erabakiak hartzeko". Horregatik, eta etxebizitza-politika publikoetan erabakiak hartzeko eta jarraipena egin ahal izateko, Sailak AME eta web-orri berria sortu ditu. Azken tresna horretan, sasoiko etxebizitzen eta lokalen prezioen bilakaerari buruzko informazio gehigarria ere badago.

AMEren helburua da Euskadiko etxebizitzen alokairu libreko kontratuei lotutako fidantza-gordailuen kopurua eta hileko errentak ezagutzera ematea. Estatistika fidantzen eta alokairu-kontratuen erregistroan jasotako datuetan oinarritzen da; izan ere, 2015etik, errentamendu bakoitzeko, fidantza nahitaez jarri behar baita bertan. 2021eko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, erregistroan alokairu libreko 67.033 kontratu daude, eta horietatik 64.123 ohiko etxebizitzak dira; gainerakoak sasoiko etxebizitzei edo familia bakarreko etxebizitzei dagozkie.  

Lurraldeka, Araban, alokairuen batez besteko prezioa hileko 644,5 eurokoa da; Bizkaian, 704,5ekoa eta Gipuzkoan, 739,3 eurokoa; hiriburuei erreparatuta, aldiz, Gasteizen, hileko batezbestekoa 671 eurokoa da; Bilbon, 780koa eta Donostian, 911,4koa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Bilbo erdialdea Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Albisteak Etxebizitza albisteak