Ekonomia -

Bilboko metroa

Lanuzteak berriro Bilboko metroan, gaur puntako orduetan

06:30etik 09:30era egin da bigarren greba eguneko lehen lanuztea Metro Bilbaon. Gaur arratsaldean hiru orduko beste lanuzte bat egingo dute langileek 18:30etik 21:30era. ELAk arrakastatsutzat jo du goizeko lanuztea, eta arratsaldeko mobilizazioei eutsi die.

Ostiral honetan, lanuzteak daude, Bilboko metroan. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.
Ostiral honetan, lanuzteak daude, puntako orduetan, Bilboko metroan
Ostiral honetan, lanuzteak daude, Bilboko metroan. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.

0:42

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko metroko langileak lanuzteak ari dira egiten gaur, ostirala, puntako orduetan. Hain zuzen ere, ELA, CIM eta UGT sindikatuek deitu dituzte protestak. 

Gaur 06:30etik 09:30era egin da lehen lanuztea eta 18:30etik 21:30era egingo da eguneko bigarren geldialdia. Asteazkenean bezala, makinistek ere egingo dituzte lanuzteak, Trenbideko Makinisten Espainiako Sindikatuak deituta; kasu horretan, 7:00etatik 9:00etara egin dute lehena eta 19:00etatik 21:00etara egingo dute bigarrena.

Testuinguru horretan, Metro Bilbaok erabiltzaileei gomendatu die gaurko joan-etorriak planifika ditzatela; aholkua da metroaren web-orrian informatzea.

Gogora ekarri duenez, ELA, CIM eta UGT sindikatuek deitutako bigarren lanuzte eguna da, "presio-neurri gisa, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioaren barnean". Metro Bilbaok ziurtatu duenez, enpresak "zabalik" du negoziazio-mahaia, eta deitoratu ditu "zentralen aldetik izandako aldebakarreko jarrerak zerbitzuan eragin litzakeen afekzioak; izan ere, konpainiaren akordio-proposamenaren berri izan aurretik deitu zituzten lanuzteak sindikatuek".

Bilboko metroak, halaber, nabarmendu du enpresak eta sindikatuek ostegunean egin dutela bilera; horren helburua izan da lanuzteen deitzaileekin adostasun puntuak indartzea.

"Lanuzte arrakastatsua", ELAren arabera

ELA sindikatuak, grebaren deitzaileak, "arrakastatsutzat" jo du goizeko lanuztea, eta adierazi du "gutxieneko zerbitzuak gorabehera, jarraipena zabala" izan dela, eta erakundea "pozik" agertu da "langileen erantzunarekin".

Gaineratu dutenez, ordea, Metro Bilbaoko zuzendaritzak "ez du jarrera aldatu. Langileei erosahalmena bermatu gabe jarraitzen du, eta negoziazioak ez aurrera ez atzera segitzen dute, blokeatuta". Hori dela eta, arratsaldeko mobilizazioei eutsiko die. 

Langileek beste lanuzte bat egingo dute gaur arratsaldean 18:30etik 21:30era, eta, datorren asteartean, uztailaren 5ean, elkarretaratzea egingo dute Bilboko Nafarroa kalean dagoen Metroko bulegoen aurrean, 11:00etan, hitzarmenaren defentsan; CIM eta UGT sindikatuekin batera deituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo albisteak Basauriko argazkiak Erandio bideoak Getxo Portugalete bideoak Santurtzi Sestao Sopela Zer gertatu da Bizkaian? Barakaldo Grebak Metro Bilbao bideoak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Plentzia bideoak Albisteak Etxebarri Berango Urduliz Lan gatazkak azken ordukoa