Ekonomia -

Lan-gatazka

Jarraipen zabala izan du metalgintzako grebaren bigarren egunak Bizkaian eta Araban, sindikatuen arabera

Hala baieztatu dute bi lurraldeetako deitzaileek. Hala ere, patronalen esanetan, jarraipena txikiagoa da, intzidentzia % 29ra jaitsi baitute Bizkaian eta % 8ra Araban. Goizean manifestazio jendetsuak egin dira Sestaon eta Gasteizen.

Gasteizen egindako manifestazioa. Argazkia: EFE
Gasteizen egindako manifestazioa
Gasteizen egindako manifestazioa. Argazkia: EFE

1:35

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan Bizkaiko eta Arabako metalgintzaren sektorean deitutako grebek jarraipen "oso zabala" izan dute bi lurraldeetan, deitzaileen arabera, baina patronalek % 29ra eta % 8ra jaitsi dute eragina Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren.

Bizkaian grebaren jarraipena ekainaren 23an baino "are arrakastatsuagoa" izan dela azaldu dute sindikatuek, orduan % 80-85ekoa izan baitzen. ELAren arabera, Petronor, Sestaoko PCB, Cie taldeko egoitzak, Gestamp Bizkaia, Productos Tubulares eta Arteche bezalako enpresa handiek grebaren eragina nabaritu dute.

Manifestazioak egin dituzte Ezkerraldean eta Durangaldean, Sestaotik Santurtzira eta Iurretatik Durangora, hurrenez hurren.

Sestaoko manifestazioa hasi baino lehen, Mikel Etxebarria ELAko Industria arduradunak FVEM patronalaren jarrera "arduragabetzat" jo du.

Patronalak, baina, grebaren eragina % 29koa izan dela adierazi du, eta egoera konpontze aldera akordioa lortzeko borondatea azaldu du. Hala, proposamena malgutzeko eskatu die sindikatuei, "enpresek beren jarduera garatzeko duten errealitate konplexua kontuan hartuta".

Goizean goizetik grebalarien piketeak ibili dira Bizkaiko hainbat herritan, eta Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta erresistentzia larria egotzita. Halaber, hainbat edukiontzi ere erre dituzte, Segurtasun Sailaren arabera.

Iurretako industrialdean izandako pikete eta atxiloketaren harira, Etxebarriak adierazi duenez, "nolanahi ere, jarraipen masiboa izaten ari da, eta grebaren emaitza oso ona da, langile asko piketeetan, jokabide guztiz normalarekin, eta manifestazio jendetsuak".

LAB sindikatuak, ostera, Ertzaintzaren "basakeria" kritikatu du ohar batean. Sindikatu abertzalearen ahotan, Ertzaintzak Durangoko Arriandi industrialdean "kargatu du, langile talde bat gosaltzen ari zela, horietako bat atxilotuz".

"Enpresak hutsik daudelako mendekua" izan daitekeela uste du sindikatuak. Hala ere, "nahiz eta greba desitxuratzen saiatu, arrakasta erabatekoa izan da", azpimarratu du.

Araban, grebaren jarraipena % 8,16koa izan dela esan du patronalak, sindikatuek, aldiz, "oso zabala" izan dela esan dute, nahiz eta ez duten zenbaki zehatzik eman. Milaka pertsonak Gasteizen egin den manifestazioan parte hartu dute eta Arabako hiriburuko Mercedes lantegiko langileek ere bat egin dute martxarekin.

Ioritz Iglesias ELAko metalgintza sektoreko bozeramaileak esan du gaurko eguna "inflexio-puntua" dela, metaleko langileak "gero eta gehiago" mobilizatzen ari direlako. Gainera, SEA patronalari ohartarazi dio uztailaren 8rako deitutako hurrengo negoziazio-bileran "zerbait txukuna" aurkeztu ezean, "gehiagora" joko dutela irailetik aurrera mobilizazioek.

LABek azpimarratu duenez, "lurraldeko enpresa garrantzitsu batzuen ekoizpena gelditu dute", besteak beste, SDAFactory, Alestis, Inauxa, Jez, Tubacex edo Condesa.

"Arduragabekeria eta harrokeria alde batera uzteko", eskatu dio LABek SEA patronalari agiri batean. "Sektoreak zein langileek behar dituzten edukiak negoziazio mahaira eramatea eskatzeko, gaur batu diren milaka langileen ahotsa entzuteko", esan dio.

Arabako metalgintza sektorean, irailerako beste hiru greba egun deituta daudela gogorarazi ondoren, "datozen asteetan patronalak negoziazio borondaterik agertzen ez baldin badu, mobilizazio eta lanuzte dinamikak jarraituko du", ohartarazi du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak Industria ESK Metalgintza