11:15

Ekonomia

lan-gatazka

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek hitzarmena berritzea eskatu dute laugarren greba egunean

eitb media

ELAk azpimarratu duenez, laugarren greba-egun honen jarraipena "oso zabala izan da, nahiz eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan".

0:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte astelehen honetan Bilboko txoko ezberdinetan, hitzarmenaren negoziazio-mahaia "desblokeatzea" eskatzeko. Proposamen "errealak eta atzerakoiak ez direnak" nahi dituzte, baita ratioak eta ordezkapenak hobetzea ere.

Hala, sektoreak bizi duen egoera salatu dute eta 5.000 langileri eragiten dien hitzarmen berria negoziatzeko eskaera egin dute; izan ere, aurrekoa 2020ko abenduan amaitu zen.

Sindikatuek protesta ezberdinak egin dituzte. ELAk manifestazio "zaratatsua" egin du Deustuko Ugasko plazako Gizarte Ekintzaren egoitzatik Bizkaiko Aldundira, patronalek hitzarmenaren negoziazioan duten "planteamendu atzerakoiaren" aurrean erakunde horri inplikazioa eskatzeko.

Sindikatuak nabarmendu duenez, laugarren greba egun horren jarraipena "oso zabala izan da, % 80 inguruko gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri diren arren". Era berean, "urte eta erdi baino gehiago" hitzarmenik gabe daramatela gogorarazi dute, eta "onartezinak diren lan-kargekin eta baldintza oso kaskarrekin" lanean ari direla narbarmendu dute.

LAB, bere aldetik, Bizkaiko hiriburuko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean elkartu da, eta elkarretaratzea eta eserialdia egin ditu. Sindikatuak azaldu duenez, grebaren laugarren deialdi honetan "gutxieneko zerbitzuak jaitsi direlako" izan du grebak horrek oihartzun ona.

Gaineratu duenez, "borroka-ziklo berri baten aurrean" daude. Ildo horretan, aurreko sei hilabeteetan "ratioa parekatzeko eta hobetzeko beharra landu dela gogoratu du, eta "mobilizazioen eta greben intentsitatea eta indarra handitzeko" unea iritsi dela azpimarratu du. Hori dela eta, uda ostean sindikatuaren helburua "ratioen gatazka hau erdigunean jartzea" dela aipatu du.

UGT eta CCOO, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean bildu dira. UGTk kritikatu duenez, aurreko hitzarmena amaitu zenetik urte eta erdi igaro den honetan, "10 bilera baino ez dira egin, eta patronalak ez du proposamenik aurkeztu negoziazio-mahaian kolektibo horren lan-baldintzak eguneratzeko".

Besteak beste soldatak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langileekin parekatzeko eskatu dute bi sindikatuek; izan ere, itunpeko egoitzetan "zerbitzu bera egiten da Aldundiarentzat, baina soldataren erdiagatik".

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena