Ekonomia -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

EVE: "Gasa lur azpian dugu, lege batek eten du aukera, baina badugu bidea menpekotasuna jaisteko"

Iñigo Ansola erakundeko zuzendari nagusiaren ustez, "hankak lurrean edukita, gasa behar dugu". Iritzi horri kontrajarriz, Mirari Antxustegi EHUko irakasle eta bioenergian adituak azpimarratu du helburua izan behar duela "gasa kentzea, ez beste bide batetik lortzea".

Ansola (ezkerrean) eta Antxustegi (eskuinan), elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Ansola (ezkerrean) eta Antxustegi (eskuinan), elkarrizketaren une batean.
Ansola (ezkerrean) eta Antxustegi (eskuinan), elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

play icon 26:58

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) atzerrian ekoizten den energiarekiko duen menpekotasun handia plazaratu du EITB Datak (soilik % 10 ekoizten da erkidegoan). Horren inguruan elkarrizketa bana egin dute Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, eta gasarekiko menpekotasun hori txikitzeko iritzi kontrajarriak plazaratu dituzte Iñigo Ansola EVE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Mirari Antxustegi EHUko ingeniaritza kimikoko irakaslea eta bioenergian adituak.

Ansolak luze eta zabal hitz egin du Araban lur azpian dagoen gasaren inguruan, Jaurlaritzak fracking teknika erabiliz atera nahi zuen, baina Espainiako Gobernuaren Trantszio Ekologikorako Legeak debekatuta, proiektuari uko egin zion Jaurlaritzak. Ansolaren ustez "hausnarketa" egin beharko litzateke gai horren inguruan. "Gasa hor dago, lege batek eten du hura esploratzeko eta ustiatzeko aukera, baina Euskadik menpekotasun handia izaten jarraitzen du, hor dago datua. Ez dagokit niri legea ezbaian jartzea, baina badaukagu bidea menpekotasun hori jaisteko", azpimarratu du. EVEko zuzendariak gogorarazi duenez, gasa da "energia fosilen artean gutxien kutsatzen duena".

Bestelako iritzia du Mirari Antxustegi EHUko irakasle eta bioenergian adituak. Horren esanetan, "teknologiak berriztu behar ahala, gas bidezkoak kentzen joatea da kontua". Adibidea ere jarri du: gasezko galdara izorratzen bazaigu, biomasazko edo aerotermiako galdara bat ipintzea aholkatu du. "Kontua ez da gasa beste leku batetik eskuratzea, gasa kentzea baizik. Adibidez, badago gasa edo metanoa biomekanikaren bidez lortzea, hori gehiago sustatu beharko litzateke". 

Antxustegik deitoratu duenez, trantsizio ekologikorako bidean "ia enfoke bakarra elektrizitatea sortzea izan da, eta elektrizitatea sortzeko berriztagarriak bultzatzea". Horien inguruan uste du Euskadik "mugak" dituela eguzki edo haize energia sortzeko, eta aldiz, biomasa "asko" dugula. "Gure lurraldearen % 60 basoak dira, eta horietatik ateratzen den aprobetxamendua oso murritza da", azaldu du.

"Energia kontsumitzaile handia da EAE", Ansolaren hitzetan

EAEk kontsumitzen duen energia kopuru handiarekin lotu du EVEko zuzendariak energia menpekotasun hori. Horren ildoan, gogorarazi du "energia onena kontsumitzen ez dena" dela, eta eraginkorragoak izatearen alde egin du.

Azkenik, energia berriztagarrien inguruan jendearen iritzia uste baino hobea dela gogora ekarri du Ansolak. "Herritarren gehiengo handi batek, % 80tik gora, berriztagarrien inguruko iritzi baikorra du, eta inguruan jartzeari buruz galdetuta ere, onarpena oso zabala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia 2024 Frackinga argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Petrolioa albisteak Irratia euskaraz Energia berriztagarriak Larrialdi klimatikoa albisteak EITB Data gaur Energia berdeari buruzko albisteak Gas naturalari buruzko albisteak Energia kontsumoa