Ekonomia -

Lan Osasunaren eguna

Gobernuek ez dute nahikoa egiten lan istripuen gorakadaren aurrean, sindikatuen arabera

2021ean Hego Euskal Herrian 68 pertsona hil ziren lanean. Sindikatuek diotenez, gobernuek ez dituzte prebentzio politikak aldatzen, nahiz eta "eraginkorrak ez izan". Ikuskari gehiago eskatu dituzte EAEn eta Nafarroan.

Lan istripu baten aurkako mobilizazioa.
Lan istripu baten aurkako mobilizazioa.
Lan istripu baten aurkako mobilizazioa.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan heriotzak eta gaixotasunak % 10,2 hazi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 16,7 Nafarroako Foru Erkidegoan 2021ean, ELA, LAB, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek batera aurkeztu duten lan osasunari buruzko txostenaren arabera.

2021ean gutxienez 48 heriotza izan dira EAEn eta 20 Nafarroan. Sindikatuen esanetan, "datu negatibo horrek erakusten du aurreko urteetako joerarekin jarraitzen dugula". "Pandemiaren ondorioz 2021ean mugak eta murrizketak izan diren arren gizartean zein lanean eraginez, laneko ezbeharrek nabarmen egin dute gora", nabarmendu dute.

Gainera, txostenak jaso dituen datuen arabera, EAEn, iaz, batez beste, egunean gutxienez 205 pertsonak izan zuten lan istripu bat, eta Nafarroan, berriz, 30ek.

Gaixotasun profesionalei dagokienez, sindikatuek berriro salatu dute estatistika ofizialetako "azpierregistroa". "Gutxienez 12 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako patologiengatik, baina asko ez dira laneko gaixotasun gisa deklaratzen; beraz, estatistika ofizialak ez dira errealitatearekiko batere fidelak", azaldu dute.

Lan heriotzen estatistika ofiziala ere bestelakoa da. EAEn, erakundeek 35 zenbatu dituzte (sindikatuek 48), eta Nafarroan, 13 (sindikatuek 20). Nolanahi ere, istripuen kopuruak gora egin du 2020ko datuekin alderatuta.

Istripu hilgarrien % 26 ez dira traumatikoak izan, % 14 altueratik izandako erorikoengatik izan dira, % 22 in itinere eta % 28 harrapaketa edo kolpe baten ondorioz. Gainera, % 19 azpikontratatuak ziren eta % 15,6 garraiolariak.

Industriaren sektorean izan dira heriotza gehien (% 44); ondoren, zerbitzuen sektorea (% 28) eta eraikuntza ( % 11). Sindikatuen arabera, "aipamen berezia" merezi du basogintzak, 6 langile hil baitira (% 13). Arrantzale bat, nekazaritza sektoreko langile bat eta 10 garraiolari ere hil dira. 17 langile amiantoaren eraginez zendu dira.

Era berean, Burkina Fason eraildako kazetariak ere gogoratu dituzte sindikatuek, euren estatistiketan erregistratu ez badituzte ere.

Sindikatuen ustez, EAEko eta Nafarroako lan istripuak "ulertezinak" dira, "are gehiago kontuan hartuta istripu eta gaixotasun profesional oro saihets daitekeela baliabide tekniko eta giza baliabide egokiak jartzen badira", baina, deitoratu dutenez, "hemen huts egiten jarraitzen da".

Zentzu horretan, "ez da diru nahikorik bideratzen lantokietan segurtasun baldintza egokiak izateko inbertsioari aurre egiteko".

Enpresak "prebentzioan gastatu behar du langileei oinarrizko baldintzak emateko

Batetik, enpresak "prebentzioan gastatu behar du langileei oinarrizko baldintzak emateko". Bestetik, deitoratu dutenez, gobernuek "ez dituzte prebentzio politikak aldatzen, eraginkorrak ez direla ikusi bada ere, eta ez dira langile gehiago kontratatzen enpresetan prebentzioa egoki bermatzeko".

Horregatik, Lan Ikuskaritzan zein Osalanen langile teknikoak gehitzea eskatu dute. 100 teknikari gehiago eskatu dituzte EAEn eta 50 gehiago Nafarroan, "Europar Batasunarekin parekatzeko". "Arrisku edo ezbeharrak dituzten enpresak hurbiletik ikertzeko" ere eskatu dute.

"Hori aldatzen ez den bitartean, prekarietateak enpresetan jarraitzen duen bitartean, urtero 50 pertsonatik gora hilko dira lanean Hego Euskal Herrian. Sindikatuok lanean jarraituko dugu hori gerta ez dadin", gehitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak ELA LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Steilas