Ekonomia -
Lan-hitzarmenak
Arduraz jokatzeko eskatu diote euskal sindikatuek patronalari
LAB, UGT eta CCOO sindikatuek uste dute oraindik denbora badagoela uztailaren 7tik aurrera lan-hitzarmenak baliorik gabe geratzea saihesteko.
Erredakzioa
LAB, CCOO eta UGT sindikatuen iritzian, denbora egon badago EAEko lan-hitzarmenak blindatzeko, patronalak "arduraz" jokatzen badu.
Aipatu sindikatuek lau orduko lanuzteak deitu dituzte, 10:00etatik 14:00etara, eta eguerdian manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan barrena, datorren uztailaren 7tik lan-hitzarmena indargabetzearen aurka protesta egiteko.
Unai Sordo CCOOren idazkari nagusiak esan duenez, "uztailaren 7an ez da ezer amaituko, negoziazioak aurrera jarraituko du". Era berean, mobilizazio gehiago deitzeko aukera ez du baztertu, "patronala gaiztakeriaz jokatzen ari baita".
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan, gaurko manifestazioaren mezua "lan-hitzarmenak suntsitu nahi dituztenei" zuzenduta dago. Bide horretatik "gatazka areagotzea" baino ez dutela lortuko ohartarazi du.
"Akordioetara heltzea posible da oraindik, baina horretarako Confebaskek oztopo izateari utzi behar dio", erantsi du.
Raul Arza Euskadiko UGTren idazkariak jakinarazi du sindikatuak eta gizarte-eragileak Jaurlaritzarekin eta patronalarekin harremanetan daudela, "oraindik adostasun batera heltzeko denbora egon badagoelako".
Urkullu patronalarekin bildu da
Iñigo Urkullu lehendakariak lan-hitzarmenen ultraaktibitatea igandea baino lehen luzatzeko eskatu dio patronalari. Izan ere, egun horretan luzatu ez dituzten hitzarmenak bertan behera geratuko dira.
Urkullu enpresariekin bildu da gaur goizean Lehendakaritzan. Bi ordu iraun du bilera, eta Confebask, Cebek, SEA eta Adegi patronaletako buruzagiek parte hartu dute. Oraindik ez dituzte zehaztu zeintzuk izan diren bertan adostu dituzten ondorioak.
Erreforma laboralarekin, luzatutako lan-hitzarmenak ultraaktibitatea galduko dute datorren igandean. Hala, Euskadiko sektore pribatuko langileen % 60ari eragingo die (300.000 pertsona baino gehiago).