Ekonomia -
Lan-hitzarmenak
EAEko ia 320.000 langile lan-hitzarmen barik gera daitezke uztailean
Talde-negoziazioetan akordio bat lortzeko, Eusko Jaurlaritzak lanbide arteko akordio bat proposatu du.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko 319.977 langileren hitzarmen kolektiboen iraunaldia joan zen maiatzean bukatu zen. Hala, uztailaren 8an euren ultra jarduera galdu dezakete.
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak informazio hori zabaldu du Gasteizeko Parlamentuan, UPyDk hala eskatuta.
Datu horien arabera, maiatzaren 21erako, 418 hitzarmen kolektiboren iraunaldia bukatu zen, eta ia 320.000 langileri eragiten die horrek.
Herrialdeka, Bizkaian 205 lan-hitzarmen daude negoziatzeko, eta 134.137 langilerengan du horrek eragina; Gipuzkoan 93 daude, 118.120 langile; Araban, berriz, 36.369 langile hartzen dituzten 92 lan hitzarmen daude ixteko. Horrez gain, hiru herrialdeetako 28 lan-hitzarmen daude, 31.351 langile hartzen dituztenak.
Iraunaldia bukatuta duten 418 lan-hitzarmenetatik, 324 enpresei dagozkie (44.066 langile), eta 94 sektorialak dira (275.911 langile).
Aburtok ezinegona adierazi du datu horien aurrean, egoera horrek langile kaltedunen etorkizuna kolokan jartzen duelako eta talde-negoziazioaren egoera okertzen duelako.
Gainera, talde-negoziazio horietan parte hartzen dutenen artean akordio bat lortzeko, Eusko Jaurlaritzak lanbide arteko akordio bat proposatu du, Aburtok azaldu duenez.