Ekonomia -

Erreportajea

Sektoreko hitzarmenak negoziatzeko epearen amaiera, gero eta gertuago

Estatuan patronalek eta sindikatuek hitzarmen kolektiboak luzatzeko akordioa sinatu ostean, Euskadik gero eta denbora gutxiago du bere lan etorkizuna uztailaren 7a baino lehen erabakitzeko.

Gipuzkoako metalgintza sektorean egindako grebaren manifestazioa. Argazki: EiTB
Gipuzkoako metalgintza sektorean egindako grebaren manifestazioa. Argazki: EiTB
Gipuzkoako metalgintza sektorean egindako grebaren manifestazioa. Argazki: EiTB

Amaia Akordagoitia | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko patronalari eta sindikatuei sektoreko hitzarmenak negoziatzeko epea amaitzen ari zaie; izan ere, Mariano Rajoyren Gobernuaren lan-erreformak aurreikusitakoaren arabera, uztailaren 7an aurreraeragina amaituko da (hau da, 2011ko abenduaren 31ra arte izenpetutako hitzarmenek, hitzarmen berri bat adostu arte, salatutako hitzarmenaren eduki arauemailea bere hartan iraunarazi eta betebeharren edukia indargabetzen duen ezaugarria).

Sindikatuek ohartarazi dutenez, uztailean baliteke sektoreko 360 hitzarmen bertan behera geratzea eta 3,1 milioi langile baino gehiagori eragitea. Euskadin, 320.000 langile (95 hitzarmen kolektibotako 276.000 eta beste 327 enpresatako 46.000) babesik gabe gera litezke.

Nafarroan, sektoreko 9 hitzarmen adostu dituzte, negoziazio prozesuan 16 daude eta mahaietan geldirik eta negoziaziorik gabe, 3. Hau da, langileen % 30 oraindik estaldura hori gabe daude.

Orain, CEOE eta Cepyme patronalek eta UGT eta CCOO sindikatuek akordio bat sinatu dute uztailaren 8an bertan behera geratuko diren hitzarmen kolektiboak luzatzeko eta negoziatzen jarraitzeko. Hala ere, EAEn, oraindik alde handia dago Confebasken eta sindikatu nagusien jarreren artean.

Uztailaren 7an EAEko gizartearen lan-egitura desagertuz gero, EAEko langile batzuek estatuko hitzarmenei heltzeko aukera izango dute, horiek ez baitira bertan behera geldituko. Estatuko hitzarmenek lan-baldintza okerragoak dituzte, baina Langileen Estatutuan jasotzen diren gutxienekoak baino hobeak.

Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidentearen ustez, CEOE patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek estatu mailan egindako akordioak "ez du eragin zuzena izango" EAEn, eta sektore bakoitzeko elkarrizketa-mahaian eztabaidatu beharko da.

Ezadostasunak

Sindikatuen arabera, lan-erreformak "botere handiagoa eman die enpresei, kanporatzeak merkatzea eta soldata-erregimena ez aplikatzea erraztu baitu". Hori da Euskadin negoziazioaren ezadostasun nagusietakoa, enpresei lan-hitzarmenean sindikatuekin adostutako lan-baldintzak ez betetzeko aukera ematen baitie. Izan ere, soldatak jaisteko, lanaldia luzatzeko eta langileen baldintzetan bestelako aldaketak egiteko balio du.

Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, Confebask patronalak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordio bat lortzeko gai izan beharko lukete, gehiengo sindikala batu eta gutxieneko eduki bi hauek jasota: probintzia mailako hitzarmenak babestea eta hitzarmen horien indarraldia uztailaren 7tik aurrera ere luzatzea.

Sailburuaren esanetan, Jaurlaritzak aztertu egin du uztailaren 7an hitzarmen kolektiboen aurreraeragina bertan behera geratzearen ondorioak, eta gizarte eragileekin aldebiko elkarrizketak izan ditu, horien artean elkarrizketa sustatzen saiatzeko, "borroka baino lankidetza" bultzatu nahi duelako.

Horrela, Jaurlaritzak "bi polo" dituen eredu bat proposatu du: bata hitzarmenei "egonkortasun nahikoa" emateko eta bestea, baldintza jakin batzuk betez gero, enpresek hitzarmenak aldi baterako bazterrean uzteko aukera izan dezaten. Halaber, "ezadostasunik" izanez gero, horiei irtenbidea emateko arduraduna Lan Harremanen Kontseilua izatea proposatu du.

Itxaropen faltsuak

Sindikatu abertzaleek ez dute onartu hitzarmenen aurreraeraginari buruzko akordioa.

ELAren iritzian, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek lortutako akordioak ez du egoera aldatu, "asmoen adierazpen hutsa da, lege mailarik ez duten gomendioak baino ez dira, gauzak bere horretan uzten ditu" eta luzapena "patronalaren esku dago".

Sindikatu abertzalearen aburuz, uztailaren 8an bi urte baino gehiago salatuta daramatzaten eta berritu ez diren hitzarmenen kasuan, "aldeek premiaz jo beharko dute bitartekari edo epailearengana"; horrek negoziazio kolektiboari uko egitea eragingo du.

LABen esanetan, berriz, behin-behineko hitzarmenak ez du aurreraeragina konpontzen, eta "lan-erreformaren aplikazioa bermatzea du helburu, horren ondorioei aurre egitea baino".

"Elkarrizketa soziala bera helburu bihurtu dutenek itxaropen faltsuak sortzeko baino ez du balio", salatu du LABek.

Hilabeteko epea

Sindikatuak eta enpresaburuak Enplegu eta Hitzarmen Kolektiboaren gaineko II. Akordioa (2012-2014) jarraitzeko batzordean bildu dira, eta behin-behineko hitzarmena berretsi dute.

Uztailaren 7ko amildegia gero eta gertuago dago, eta, ordurako, patronalak eta sindikatuek akordioa lortuta izan beharko dute beste hitzarmen bat zehaztu edo negoziatzeko epea luzatzeko. Bestela, EAEko 320.000 langile sektoreko hitzarmenik gabe geratuko dira, eta estatukoari edo Langileen Estatutuari heldu beharko diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea